XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ordurarte nekatuegi bizi izan nintzela bera maitatzeko, baieztatu nion, baina handik aurrera osasunarekin batera maitasuna zuzpertuko zela nire baitan.

Zin-zinez mintzatzen nintzen; baina, zalantzarik gabe, nahiko ahul aurkitzen nintzen, ez baitnuen Marcelineren desirarik sentitu handik hilabetera arte.

Egunetik egunera beroa astunagoa zen.

Biskran ez zigun ezerk gerarazten, geroago gogoratuko nuen xarmak izan ezik.

Bapatean hartu genuen aldegiteko erabakia.

Hiru ordutan prest zegoen gure ekipaia.

Biharamun goizaldian abiatzen zen trena...

Azken gaua dut gogoan.

Hilargi ia-ia betea zen; bete-betean sartzen zen leiho handi zabaletik nire gelan.

Lo zegoen Marceline, nik uste.

Ni etzanda, loak hartu ezin.

Bizitza besterik ez zen sukar zoriontsu modukoaren garretan sentitzen nintzen...

Jaiki, uretan eskuak eta aurpegia freskatu, berinezko ateari bultza eta kanpora irten nintzen.

Berandu zen; ez zaratarik, ez haize izpirik; luak hartua zirudien aireak.

Urrunean, gau osoa uluka ematen duten txakur arabiarrak entzuten ziren.

Aterbe tipia nire aurrean; murrailan, aurrez-aurre, zeharkako itzalezko oihala; palmondo lerratuak, bizitzarik eta kolorerik gabeak, betirako pausatuak ziruditen...

Loaldiak bere baitan bizi-taupadaren bat gorde ohi badu ere, hemen ez zegoen lo itxurarik; oro hilda zirudien.

Ixiltasunak izutu ninduen; eta bapatean, isilean oldartu, errotu, etsi nahirik antza, berriro harrapatu ninduen nire biziaren sentipen tragikoak, hain bortizki, ia minez eta zakarki harrapatu ere, piztiek bezala marruka hasiko nintzela, hala egiterik izan banu.

Eskua, gogoan daukat, ezkerreko eskua eskuinarekin lotu nuen; bururaino eraman nahi izan nuen; hala egin ere.

Zertarako?

Bizirik nengoela segurtatzeko eta hau miresgarria zela baieztatzeko.

Bekokia, bekainak ukitu nituen.

Zirrarak jo ninduen.

Egunen batean, pentsatu nuen, egarria asetzeko neure ezpainetara ur zurrustada eramateko gauza ez naiz izango...

Etxera itzuli, baina ez nintzen oraingoz oheratu; gau hura gogoan finkatu nahi nuen, oroitzapen hura pentsamenduan itsatsi, iraunarazi (...).